martes, 19 de julio de 2011

Errerre Txaranga Band (BERRIAn) !!!

Rocka, txaranga formatuan

Entzuleak dantzan eta kantuan jartzen ditu Errerre txarangak. Horretarako, rock kantu ezagun ugari jotzen ditu, gitarra bizkarrean eta kalean gora eta behera.

L.M.

Kontzertu bat bezalakoa da, baina jendearen artean zaude, ikuslea aurrez aurre daukazu», dio Juanra Calabaza Errerre Txaranga Bandeko kideak. Rock musika ardatz hartuta, kalean gora eta behera ibiltzen dira. Baina ez edonola: gitarra, baxu, kaxa eta bonboa bizkarrean hartuta baizik. Txaranga bat da eurena, baina taula gainean aritzen den talde bat ere izan zitekeen lasai asko. Edozein modutan, Errerrekoek jende artera jaistea erabaki zuten orain dela lau urte inguru, eta txarangaren formulari beste eredu bat gehitu zioten.

Kaletan topatu eta ohiko txaranga batekin alderatzen hasiz gero, lehen begiradan ezberdintasun nabariak topa daitezke —instrumentuetatik hasita, noski—, baina, berez, ez dago horrenbesteko alderik. Hala uste du, behintzat, Calabazak. Txaranga batek kalean festa eta parranda giroan dabilen kaletarrentzako kantu ezagunak jotzen ditu, eta Errekalde auzoko (Bilbo) txaranga honek ere berdin egiten du. Horretarako ezberdintasuna instrumentuetan egoteaz gain, errepertorioan ere topatu ahal izango da. Izan ere, La Polla Records, Kortatu, Barricada, Eskorbuto, Ramones, AC/DC, Su Ta Gar, Siniestro Total, Loquillo y Los Trogloditas, Negu Gorriak eta gisako taldeen kantu ezagunenak kantatzen dituzte, besteak beste. Talde horien abestirik ezagunenak izaten dira errepertorioan, «jendearengana ahalik eta gehien inguratzeko, edozeinek gurekin batera kanta dezan». Eta erantzun hori soberan betetzen dute Errerre txarangako kideek.

Rock musika txaranga formatuan eskaintzeko ideia Elektrotuna —gaur egun Orkresta— taldetik hartu zuten. «Jai askotan ikusten genituen gora eta behera euren instrumentu eta anplifikagailuekin. Kuriosoa iruditzen zitzaigun, eta guk ere berdina egin behar genuela pentsatu genuen», Calabazaren hitzetan. Orkresta taldearekin alderatuz gero, ordea, ez daukate ekipo arinik, eta ezin dute oinez doazen heinean musikarik jo. «Hala ere, alde batetik bestera goazen bitartean musika alaia jartzen dugu anplifikagailuetatik, jendeak gurekin batera jarrai dezan hurrengo geldialdira arte».

Eredu horren arrakastarako, Calabazak abiapuntu bat jartzen du. «Txaranga edonori gustatzen zaio, baita horrelako kanta ezagunak izanda ere». Hori dela eta, Errerre taldekoek giro itzela jartzen dute inguratzen diren jai eta ospakizunetan. Festa dagoen lekuetara joaten dira, eta festa giroa hedatzen dute azkar asko. Udan izaten dute lan eskerga handiena, herrietako jaiekin batera. Eskaera handia izaten dute, eta horregatik, eurek bete ezin dituzten emanaldietara joaten dira Orkresta taldekoak. Edo alderantziz. «Eurekin harreman ona dugu, elkarren artean ez daukagu konpetentziarik».

http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-07-19/038/001/festak_adina_musika.htm#despiezea2

No hay comentarios: